HOMEARTICLESISSUESACTIVITIESPUBLICATIONSMULTIMEDIA


«Kyotoko Protokoloa negozioa egiteko beste mekanismo bat da» PDF Print E-mail
Maite Asensio / Berria | Saturday, 27 October 2007

Tamra Gilbertson Transnational Instituteko ekintzaileak dio klima aldaketak baliabideekiko «menpekoago» egingo gaituela. Ekologistak Martxanek antolatutako Nork nori zor? Zor Ekologikoari buruzko Nazioarteko Biltzarrean karbono dioxido gutxiagorekin bizi daitekeen gizarte eredua aurkeztu du.

Zor ekologikoak Iparraldeko ekoizpen eta kontsumo ereduek Hegoaldean duten eragina aztertzen du. Zein da herrialde pobre horien egoera?


Desoreka handia dago. Indian izan naiz, Kyotoko Protokoloaren barruko proiektu batzuk ikuskatzen. Han oso industria siderurgiko zikinetan inbertitzen dute, eta horiek eraikitzeko, bertan bizi den jendea botatzen dute. Orain ustiatzen ari direna Txinako Joko Olinpikoetako lanetara esportatuko dute. Beraz, ekoizpen katean ikusi behar da nork ateratzen duen etekina jarduera horretatik: ez da Indiako jendea. Han ere, energia eolikoko beste egitasmo bat abiatu dute. 2.000 errota jarri dituzte mendi batean; bertan bizi den jendeak, ordea, ez du argindarrik, Bombayko auto fabriketara eramaten baitute energia hori. Programa horiek aurpegia garbitzeko erabiltzen dituzte.

Hortaz, ez duzu uste Kyotoko Protokoloak ezertan lagunduko duenik egoera aldatzeko?

Negozioa egiteko beste mekanismo bat dela uste dut, merkatu kapitalistaren barruan baitago. Protokoloko dirua Iparraldeko enpresek ekoizten eta kutsatzen jarrai dezaten erabili dute, baliabiderik ez dutenei lagundu ordez. Klima Aldaketarako Nazioarteko Gobernu Arteko Panel IPCCk eskatutako gas isurketen azpitik dago Kyoto, eta, hala ere, ituna sinatu zuten herrialdeak ez dira betetzen saiatu. Beste hitzarmen bat behar da, handiagoa, herrialdeen arteko egitura bat sortuko duena.

Klima aldaketa kapitalismoaren ondorioa dela esan genezake?

Bai, ondorio zuzena da. Eta konpontzeko ez dugu soilik energia politika aldatu behar, bizimoduek ere aldatu behar dute. Komunitate txikiekiko justizia gehiago behar da. Herrialde pobreek gehiago sufritzen dute klima aldaketa, ez dutelako uholde edo urakanei aurre egiteko baliabiderik.

Eskuineko hainbat politikarik klima aldaketa ukatzen jarraitzen dute. Nola eragiten diete halako jarrerek klima aldaketaren kontrako borrokari?

Azken urteetan 928 ikerlan zientifikoren berri izan dut, eta horien artean ez dago klima aldaketa ukatzen duen bat ere. Beraz, hori esaten dutenei ez zaie jaramonik egin behar. Egoera hau inolako laguntzarik gabe aldatzen saiatzen den pertsona asko dago. Gobernuek gure beharra dute, baina guk ez dugu euren beharrik.

Zer irtenbide dago?

Ez dago irtenbide bakarra, milioi bat baizik. Hegoaldeko komunitateek bakoitzaren egoerara moldatutako irtenbide interesgarri asko asmatu dute. Orain, garrantzitsua da Iparraldetik ezer ez inposatzea, Hegoaldeko arazoak Iparraldeko erara konpondu nahi ez izatea.

Hemen ere zerbait egin beharko dugu...

Geure buruari galdetu behar diogu: nola bizi nahi dugu? Kutsatzen duten enpresetan lan egin nahi dugu? Leku guztietara kotxez joan nahi dugu? Pentsamoldea aldatu behar dugu, ikuspegia zabaldu. Aldaketa handia egin behar da, neurriek katean bezala funtziona dezaten, ahalik eta jende gehienari eraginez.
 
 
original article from www.berria.info

 
 
 
archive
 
in the media
 
creativecommons 2017  Carbon Trade Watch